PRODUKTIBITATEAREN PARADOXA ETA BPG-REN MUGAK

PRODUKTIBITATEAREN PARADOXA ETA BPG-REN MUGAK 1. Azken hamarkadetako inbertsio teknologikoak produktibitateari egin dion ekarpen urriaren paradoxaren ondorioz, analistek behin eta berriro jarri dituzte zalantzan BPG neurtzeko erabilitako irizpideak , eta, horrekin lotuta, laneko produktibitatea neurtzeko erabilitakoak. 2. Zehazki, arretaz aztertu da aurrerapen teknologikoak –eta, batez ere, IKTetan egindako inbertsioak– salmenten gehikuntzarik sortzen ez duten edo, kostuen murrizketaren inpaktuaren ondorioz, salmenten zifrak behera egitea dakarten kalitatearen edo eraginkortasunaren hobekuntzen gainean izandako inpaktua. Proposatu da, adibidez, KPIren kuantifikazioan erabilitako irizpide batzuk BPGn aplikatzeko aukera aztertzea, hala nola prezio «hedonikoak». 3. Ideia hori defendatzen dutenek uste dute BPGk arreta gehiago jarri beharko lukeela aurrerapen teknologikoek produktuen eta zerbitzuen kalitatean eta eraginkortasunean duten inpaktuaren arloan, merkatuko prezioen gaur egungo mugaketa gaindituz. 4. Halako proposamenen zentzua argia da inbertsioaren eta, oro har, jarduera ekonomikoaren eginkizun sozialaren ikuspegitik, baina «merkatuko» edo «diruzko» produktibitateak gure eredu ekonomikoan duen garrantzia gutxiesteko arriskua dakar. 5. Funtsezko kontua da diruzko edo «merkatuko» produktibitatea inbertsioen errentagarritasunaren nahitaezko erreferentea dela. Produktibitate sozial handia sortzen duen baina «merkatuko» produktibitaterik sortzen ez duen ekonomia ez da gai izango kapital-inbertsioak dinamizatzeko. Baliteke hori izatea 80ko hamarkadatik aurrera garapen-eredu neoliberalak izan duen sakoneko arazoa. 6. Badakigunez, produktibitate sozialak zuzeneko lotura izan ohi du merkatuko produktibitatearekin «muga-enpresak» deritzenetan. Hots, sektore bakoitzean teknologiaren arloan lider diren enpresetan. Enpresa horiek etekina ateratzen duten inbertsio teknologikotik eratorritako kalitatearen arloko hobekuntzetatik edo kostu murrizketetatik, produktuak merkatuko jatorrizko prezioan –aurrerapenak txertatu baino lehen definitutakoan– saltzen baitituzte. Horri esker, inbertsioa errentagarri egin dezakete marjina handiagoen bidez edo beren merkatu-kuotaren zabalkuntzaren bidez. 7. Hala ere, «muga-enpresa» ez direnek joera dute halako inbertsioak egiteko, ez baitute beste aukerarik merkatuan lekua galtzea ekidin nahi badute. Lortzen duten errentagarritasuna zeharkakoa da, eta lotura gehiago du galerak murriztearekin edo galerei eustearekin inbertsiotik zuzenean lortutako mozkinarekin baino. Dinamika hori denboran luzatuz gero, inbertitzaileek jarduera egiteari utziko diote edo enpresa itxiko dute. 8. Merkatu-ekonomia kapitalista batean mantentzen garen bitartean, BPGk «merkatuko» produktibitatearen bilakaerari buruz ematen digun informazioa funtsezkoa da gure ekonomiaren mekanismo nagusien bilakaera ulertzeko. Horrek ez du esan nahi, jakina, ez dela baliagarria produktibitate sozialaren bilakaera neurtzeko tresna osagarriak garatzea. EKAI Center-en testu hau “EUROPAKO GARAPEN EREDUAREN ETORKIZUNA” delako egitasmoaren barne kokatzen da. Mila esker zure arretagatik. Jarraitu gurekin. PDF:
Back to Top