Fitzcarraldo- Werner Herzog (1982)(Jatorrizko bertsioa, euskarazko azpitituluekin)
Werner Herzogek idatzi eta zuzendutako abentura filma. Mick Jaggerrek hasitako lana erdizka utzi zuelako, Klaus Kinskik ematen dio bizia Fitzcarraldo tropikoetako enpresari eroari. Eta beharrik.
Bere ametsa Amazoniaren erdian opera antzokia eraikitzea da, eta amets horren atzetik abiatzen da abenturak eta dramak gainezka egiten duten bidaia errepikaezin batean. Berriki argitaratu dituen bidaia-koadernoetan Herzogek azaltzen duen bezala, filman kontatzen den abenturaren parekoa edo handiagoa izan zen errodajea bera. Administrazioekin eta indioekin izandako arazoez gain, Herzog eta Kinskiren arteko maitasun-gorroto erlazioak hondamendiaren muga-mugaraino hurbildu zuten filmaren errodajea. 30 urte baino gehiago izan arren, oraindik sasoiko dago Fitzcarraldo, Amazonian inoiz egin den pelikularik onena, zalantzarik gabe.